Sailkatu gabea

Historiak ahaztutako emakumeak

HISTORIAK AHAZTUTAKO EMAKUMEAK

María Luz Morales Godoy

María Luz Morales Godoy (1889-1980) kazetaria eta idazlea izan zen eta egunkari bateko lehen emakumezko zuzendaria Espainian.
A Coruñan jaio zen, baina bere bizitza Bartzelonan igaro zuen; izan ere, familia hara joan zen, hura neskatxo bat zela. Filosofia eta Letrak ikasketak Nova Unibersitatean bukatu eta gero, idazle jardun zuen. Lehenengo pausuak El Hogar y la Moda aldizkarian izan ziren, Lecturas aldizkariaren aurrekaria. 1921. urtean kazetari hasi zen eta bost urtez aldizkariko zuzendaria izan zen.
1923an, La Vanguardia egunkariari testu batzuk bidali zizkion: bat Don Juan Tenoriori buruzkoa; eta beste batzuk, haurrentzako antzerkiari buruzkoak. Haien kalitatea ikusita, kontratatu egin zuten. Hasiera batean, kritika zinematografiari buruzko sailaz arduratu zen, eta, erredakzioko emakume bakarra zenez, ezizen batekin idatzi zuen, Felipe Centeno ezizenarekin, hain zuzen ere.
Haren kritikei esker, AEBko Paramount konpainiakoek ezagutu zuten eta filmen itzulpena eta eztabaiden egokitzapena egiteko ere kontratatu zuten.
Borrokatzailea eta karismatikoa zenez, 1931n Bartzelonako Residencia Internacional de Estudiantes erakundeko presidentea izan zen, eta berehala adiskidetu zen garai hartako idazle ezagunekin, Gabriela Mistralekin, besteak beste.
Paraleloki, jarduera literario zabala burutu zuen, batez ere haurrentzako literatura eta antzezlanak, bere pasio handienak.
Espainiako Gerra Zibila iritsi bezain pronto, CNT-UGT sindikatuetako langile-batzorde batek kontrolatu zuen egunkaria. Zuzendariak ihes eginda, Mari Luz Moralesek onartu zuen zuzendaria izatea, baina behin-behinekoa bazen eta baldintza batzuekin: berak kazetaritza lan teknikoa egingo zuen, editorialekin ez zuen-eta ezer jakin nahi. Sei hilabetez egon zen lan horretan eta Europako egunkari bateko lehen emakume zuzendaria bihurtu zen.
Gerra Zibilean frankistak nagusitu ondoren, egunkariko idazle guztiak bota egin zituzten eta guztiei pasaporteak erretiratu egin zitzaizkien. Gainera, Maria Luzi eta gainerako erredaktoreei kazetari izatea galarazi zieten. Garai hartan, Moralesek 40 egun eman zituen kartzelan zuzendaria izateagatik.
1940ko hamarkadaren bukaeran, literatura-jarduerari ekin zion berriro, El Diario de Barcelona egunkarian eta Lecturas aldizkarian.
Urte batzuk geroago, 1958an, El amor empieza en sábado izeneko haren eleberria Victorio Aguado Candelak zinemaratu zuen.
Trantsizioa heldu arte, 1978ko urtarrilean, ez zioten kazetari izateko baimenik eman. Errehabilitazioa lortuta, idazle jarduerarekin jarraitu zuen El Diario de Barcelona egunkarian, bere heriotzara arte, handik bi urtera, 1980an.
Sari batzuk zituen irabazi zituen. Aipatzekoak dira:
• 1956. urtean, Frantziako Gobernuak Orden de las Palmas Académicas saria eman zion bere lanagatik.
• 1963an, Nazio Antzerki Saria irabazi zuen antzerki-kritikengatik, Diario de Barcelona egunkarian
• 1971n, Lazo de Isabel la Católica izeneko saria eskuratu zuen.
Liburu asko argitaratu zituen, horien artean:
• Parientes y trastos viejos
• Trovas de otros tiempos, 1928
• Libros, mujeres y niños, 1928
• Las románticas, 1930
• Edison, 1934
• Romance de media noche (con Elisabeth Mulder), 1935
• Julio César, 1936
• Madame Curie, 1936
• Alejandro Magno, 1936
• Alguien a quien conocí, 1937
• Tres historias de amor en la Revolución francesa, 1942
• María Antonieta, 1943
• El mundo de las hormigas, 1948
• El Cine: historia ilustrada del séptimo arte, 1950
• Hazañas del Cid, 1951 .
• Enciclopedia del hogar, 1952
• Rosalinda en la ventana, 1954
• Balcón al Atlántico: (otra novela sin héroe), 1955
• Balcón al Mediterráneo, 1955
• El amor empieza en sábado, 1958. Lan hau zinemara eraman izan zen.
• Historias del décimo círculo, 1962
• Libro de oro de la poesía en lengua castellana, 1970
Hilondoko omenaldiak
María Luz Moralesen omenez bi sari ezarri dira Espainian:
María Luz Morales Kazetaritza saria
• La Caixa Fundazioak, La Vanguardiak eta Generoko Behatoki Kulturalak sari hau ezarri zuten 2016an. Saria, 4.000 eurokoa, urtero ematen da aitortzeko eta sustatzeko emakumearen egungo paperaren gainean hausnartzen duten kazetari-lanak

María Luz Morales Ikus-entzunezko saria
• Akademia galiziarrak, diputazio galiziarren laguntzarekin, sari hau ematen du 2017tik, ikus-entzunezko ikerketa zientifikoa nabarmentzeko.

SANTI, LORETO ETA PILI

Julia Ibars, Estatu espainiarrean dibortziatu zen lehen emakumea

Juliaren istorioa arrunta da. Julia deitzen zen, baina posible da Irati, Sandra, Jenniffer, Aloña edo Ursula deitzea. Izan zitekeen gure amaren istorioa edo gure auzoko ezagun batena. Esan dugun bezala, istorio arrunta da, baina hor islatzen dira, hain zuzen, haren xarma, energia, duintasuna eta indarra. Izan ere, historia bera, dakigunez, istorio txikiez osatuta dago, herritar eta hiritar ezezagunez osatuta.

Juliaren istorioa bizirik dirauen pertsona baten bizitza ere bada; emakume saiatu eta ausart baten istorioa ere bada. Gaur egun, 60 urte inguru izango dituen emakume langile eta xume baten istorioa.

Makina bat ogibidetan ibilia, han eta hemen, beti bere barne autonomia eta independentzia ekonomikoa bilatu nahian ibili da, haren ustez autonomia eta independentzia dira gizakion askatasunaren gakoak.

Juliak ez du Penizilina asmatu, ez du Nobel Saririk jaso, ez da lehen emakumea izan ilargia zapaltzen, heroitasun gogoangarririk ere ez du burutu… Hori hark badaki; guk ere badakigu. Baina bera izan zen, demokrazia garaian, dibortziatzeko pausua hartu zuen lehen emakumea. Beste norbait izan zitekeen, baina hari tokatu zitzaion. Geroztik, sinbolo bihurtu da, beste emakume batzuk animatu baititu bide berari jarraitzen. 1981. urtea zen, eta boterean zegoen UCD alderdiaren gobernuak eman zion argi berdea Juliaren eskaerari.

Juliak hiru urteko harremana izan zuen egun senar ohia duen Vidalekin. Horren ostean, Santanderren ezkondu ziren; handik hiru urtera, ordea, dibortziatzea erabaki zuten. Haiek baino dakizkite horren arrazoiak, baina erraz ondoriozta dezakegu elkarbizitza epe labur horretan haien arteko konplizitate-, adiskidetasun- eta alaitasun-momentuak ez zirela ugari izan.

Julia eta Vidalen istorioa garrantzitsua da; izan ere, Espainian, 1981. rtera arte, debekatuta egon zen dibortzioa. Horrela, narrazio honetan, pertsonaiak ez dira hain garrantzitsuak, baina kontakizun honek mahai gainean jartzen duena, bai: egun, normaltzat eta onartutzat ematen ditugun hainbat egoera ez ziren halakoak izaten orain gutxira arte. Eta istorio hau aitzakia bikaina ere bada, jendeari memoria freskatzeko, gogorarazteko nolakoa zen emakumearen egoera garai hartan.

Gogoratu behar da, 1931. urtean, Errepublika garaian, dibortzioa onartuta zegoela, baina, gero, Frankismoarekin eta Nazional Katolizismoaren zentsura moralarekin bat, debekatu egin zela. Sasoi ilun haietan, emakumearen sumisioa erabatekoa izan zen, senarrak eragindako sumisioa nahiz beste pertsona batek eragindakoa. Emakumeak guztiz zapalduta zeuden, bigarren plano batean.

Gaur egun, zentzuduna den edonor lotsatu egingo litzateke ikusita garai hartan zein egoera injustu, itogarri eta errepresiboak pairatzen zituzten emakumeek. Horrela, emakumeak soilik emazte edo amaren rola aukeratu ahal zuen. Izan ere, ezkonduta zeuden emakumeek ez zeukaten lan merkatura irteteko eskubiderik, senarraren onespena eta baimena izan ezik. Lan egin zezaketen bakarrak ezkongabe eta alargunak ziren. Izapide eta eginkizun arruntenak egiteko ere, senarraren baimena behar zuten: kreditu bat eskatu, garbigailu bat erosi edo atzerrira bidaiatzea, kasu. Ikasi ere ezin zuen nahi zutena ikasi. Gaur egun hautsak harrotuko lituzketen egoera horiek ez dira hain aspaldikoak: gure amek eta amonek bizi izandako egoerak dira.

Horregatik guztiagatik, Julia eta Vidalen istorioa garrantzitsua da; alde batetik, kontzientzia hartzeko nola aldatu diren gauzak (onerako, zorionez); eta, bestetik, konturarazteko pertsona umil batzuen garaipena eta aurrerapausoa gizaki guztion garaipen eta aurrerapausoak ere izan daitezkeela.

ELENA

WANGARI MUTA MAATHAI, ZUHAITZ-EMAKUMEA

Wangari Muta Maathai 1940ko apirilaren 1ean jaio zen Nyeri landa-eskualdean, Kenyan. Zortzi urterekin jaioterriko eskolan hasi zen ikasten. Bertan, nabarmendu egin zen bere trebetasun eta kalifikazio onei esker. Lehen hezkuntzako ikasketak, lehendabizi, Santa Cecilian eta, ondoren, Limuruko Loreto High School izenekoan egin ostean, 1960an, beste hirurehun kenyarrek bakarrik lortu zutena eskuratu zuen: beka bat Estatu Batuetan ikasteko.

1964an, Biologiako Gradua eskuratu zuen Atchinsoneko Mount St. Scholastic College izenekoan, Kansasen. Ondoren, Pittsburgera joan zen eta Biologia Zientzietako Masterra lortu zuen, 1966an. Masterra amaiturik, Kenyara itzuli eta lanpostu bat lortu zuen Nairobiko Unibertsitateko Albaitaritza Anatomiako Sailean, mikroanatomia ikerketetako laguntzaile modura. Horren ondoren, nahiz eta Giessen-eko eta Municheko Unibertsitateetan denboraldi bat pasatu zuen, berriro Nairobira itzuli eta Albaitaritza Anatomiako Doktoregoa eskuratu zuen, azkenik, 1970rean. Wangari Muta Maathai doktoregoa eskuratu zuen Afrika Erdialde eta Ekialdeko lehen emakumea izan zen. Hori gutxi balitz bezala, Albaitaritza Anatomia Saileko lehen emakumezko burua izan zen eta Nairobiko Unibertsitateko Irakasle Elkartu ere bai.

Ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa urte haietan hasi zen Wangari emakumeen eskubideen aldeko aktibismoan nabarmentzen. Lehendabizi, Unibertsitatean, aukera-berdintasuna nahiz soldata-berdintasuna lortzeko borrokan murgildu zen eta, geroago, Kenyako Emakumeen Kontseilu Nazionaleko (NCWK) kide (1976-1987) eta zuzendari (1981-1987) bilakatu zen. NCWK izeneko elkartea Kenyako emakumeen ahalduntzearen alde lan egiten duen talde bat da.
Aldi berean, bere aktibismo ekologista ere ernatuz joan zen. Keniako ibaiak lohiz beteta zihoazela eta belar gutxi zegoela ikusirik, Wangari konturatu zen lurzoruak ez zuela bere funtzioa betetzen. Aldi berean, NCWK elkartearen emakume nekazariek ingurumenean gertatzen ziren arazo larriak salatu zituzten; esaterako, errekastoen lehorketa, zituzten elikagai-baliabideen eskasa edota baliabide horien ziurtasun falta. Hain kaskarra zen egoera, ezen emakumeek gero eta urrunago joan behar izaten baitzuten ur edo egur bila. Maathairen esanetan, ingurumenaren degradazioa zen Kenyan aurki zitezkeen arazo nabarmenen jatorria.

1977an, mundu osoan garrantzi handiko ekimen bat abian jarri zuen Wangarik: Gerriko Berdea Mugimendua -Green Belt Movement- . Ekologismoa eta garapen iraunkorra lortzea zein Kenyako ingurumenari lotutako arazoei irtenbidea ematen saiatzea zituen GBMk helburu. Horretarako, Wangarik ekimen sinple bat jarri zuen abian. Emakumeak zonaldean zeuden basoetara joaten ziren jatorrizko zuhaitzetako haziak hartzera. Lan horren truke irabazitako sariekin negutegiak sortu zituzten haziak landatzeko eta zuhaitzak hezteko. Ekimen sinple horren ondorioak, hala ere, garrantzitsu baino garrantzitsuagoak izan ziren bai emakumeen garapenerako, bai ingurumenaren zaintza sustatzeko. Kenyako emakume askori emantzipazioa eta ahalduntzea ekarri zien ekimen sinple hark, haiek baitziren ekologian prestakuntza jaso nahiz nekazarien lanak egiten zituztenak. Ingurumenari dagokionez, zuhaitzak landatuta, baso-soiltzearen, higaduraren eta lehortzearen aurka borrokatzen zen.

Hainbat herrialdetako erakundeei esker GBMa apurka-apurka hedatuz joan zen. Eta, horrekin batera, Kenyako arazoek politikarekin lotura estu-estua zutela agerian jarri zen. Laurogeiko hamarkadan, Daniel Arap Moiren gobernuak zuzentzen zuen herrialdea, modu autoritario eta errepresibo batean. Urte gatazkatsuak zirenez, Maathaik kementsu borrokatu zen demokraziaren eta giza eskubideen alde nahiz lurraren, espekulazioaren eta basoen suntsiketaren kontra. Hainbat ahaleginen ostean, Maathik politikan leku nabarmena izatea lortu zuen. Lehenik, 2002an, Kenyako parlamentuko ordezkari aritu zen; geroago, 2003tik eta 2007ra bitartean, Ingurumen eta Natura Baliabideen Ministerioko laguntzailea izan zen, Mwai Kibaki presidentearen gobernupean.

Asko eta asko izan ziren Maathaik lorturiko sariak zein aitorpenak: ia hogeita hamar. Hala ere, aipagarriena eta garrantzitsuena 2004an ailegatu zitzaion: Bakearen Nobel saria, hain zuzen ere. Nobel Batzordearen esanetan, “garapen iraunkorraren, demokraziaren eta bakearen alde egindako ekarpenagatik”. Gainera, nabarmentzekoa da bera izan zela Afrikako lehen emakumea zein lehen naturazalea, Bakearen Nobel saria eskuratu zuena. Sari horri esker, Maathairen lanaren garrantzia gero eta nabarmenagoa izan zen. Hona hemen horren adibide garbia: Kenyan ez ezik Afrika osoan ere zuhaitzak landatzeari ekin zitzaion.

Honako lorpen hauek ere ez dira ahaztu behar Maathairen biografian: batetik, Nobel Saria izeneko ekimena sortu zuen beste Nobel saridun batzuekin batera (adibidez Rigoberta Munchúrekin); bestetik, NBEko Mezularia izan zen; eta, azkenik, Milurtekoaren Garapenerako Helburuen lantaldeko kide bihurtu zen, besteak beste. Gainera, modu nekaezinean jarraitu zuen eginahalean, harik eta 2011ko irailaren 25ean hil zen arte, obulutegiko minbizia zela kausa. Bere oroimena ohoratzeko, 2012an, Wagandi Maathai izeneko saria sortu zen basoen babesaren lanetan aritzen diren pertsonak nabarmentzeko.

Wagandi Maathairen legatuak, Afrika osoan zehar, 40 milioi zuhaitz baino gehiago utzi ditu landatuta eta 35.000 emakume inguruk zaintzen dituzten 3000 haztegi baino gehiago sortzen lagundu du. Gerriko Berdea mugimenduak Afrikako kontinentean lan egiten jarraitzen du eta haien ideiak planeta osoan barna hedatzen dira.

ZURIÑE eta MARIA

ROSALIND FRANKLIN

Rosalind Franklin Londresen jaio zen 1920an familia judu batean eta han bertan hil zen, 1958. urtean. St. Pauleko nesken eskolan ikasi zuen eta bertan zientzian, latinean eta kirol arloan nabarmendu zen.

1938. urtean, Canbridgeko Unibertsitatera joan zen biofisika eta kristalografia ikastera. Bigarren Mundu Gerran, lagundu nahi zuenez, ikatzaren erabilera aztertzen zuen elkarte britainiar batean egin zuen lan; zehatz-mehatz ikatzaren porositatea ikertzen jardun zuen. Azpimarratu behar da 1945ean egindako doktore tesia lan horretan oinarritu zuela.

Gerra amaitu ondoren, Parisen lan eskaintza bat onartu zuen. Bertan, hiru urtez, ikatza eta beste materia inorganiko batzuekin erlazionatutako X izpien difrakzioa ikasi zuen. Esan behar da Frantzian egon zen denboran nazioarteko ospea lortu zuela ikatzaren egiturari buruz argitaratu zituen ikerketei esker.

1950. urtean Ingalaterrara itzuli zen lanera. 1951n, Franklin, Londresen jadanik, John Randallek zuzendatuko King´s College-n hasi zen lanean (John Randall Biofisikaren taldeko zuzendaria zen) Wilkinsen insistentziagatik. Wilkinsek Randallen laborategian lan egiten zuen eta izugarrizko interesa zeukan Frankinekin lan egiteko, entzunda baitzuen oso ikertzaile adimentsua zela. Baina, denboraren poderioz, haien arteko harremana gaiztotu egin zen. Dirudienez, Randallek Franklini ardura handia eman zion ADN-ko lanetan. Hau da, Franklin eta Wilkins maila berean jarri zituen ikerketan. Horren ondorioz, Wilkins eta Franklinen artean eztabaida eta hika-mika ugari izan ziren. Izan ere, Franklin nortasun handiko emakumea zen eta behin baino gehiagotan egin zion aurre Wilkins-i. Hori dela eta, Randallek, arazoak saihesteko, DNA-ren gaineko lanak bien artean banatzea erabaki zuen.

Nabarmendu behar da X izpien difrakzioaren bidez DNA-ren irudia (51. zenbakiko argazki ospetsua) lortu izanagatik egin zela ezagun Franklin. Lan hori gogorra eta luzea izan zen, baina hari esker molekularen egiturari buruzko ezagupen asko erdietsi ziren. Modu horretan, 1953.urtean, Franklinek paper garrantzitsua izan zuen DNA molekula helize bikoitz batez eratuta zegoela jakiteko.
Arestian aipatu bezala, Franklin eta Wilkins-en arteko harremana hain txarra zen, non, Franklinen baimenik gabe eta hari kalte egiteko asmoz, Wilkins-ek DNA-ri ateratako argazkia, 51. Zenbakiko irudi famatua, Watson-i eta Cricket-i erakutsi zien. Watson-ek eta Cricketek ere Canbridgeko unibertsitatean egiten zuten lan, baina beste laborategi bateko ikertzaileak ziren. Horrela, 1953an, Watson-ek eta Cricket-ek DNA-ren egiturari buruzko teoria azaldu zutenean, Wilkinsekin banatu zuten meritua eta, aitzakia gisa, esan zuten Franklin-ek ez zuela jakin datuak nola interpretatu.

Halaber, aipatu behar da, DNA-ren inguruko lanak amaitu ondoren, Franklinek tabakoaren mosaikoaren eta poliomielitisaren birusen inguruko lehen lanak eraman zituen aurrera.

Bitxikeria gisa, kontatuko dizuet King´s College-a oso erakunde sexista zela eta, askotan, Franklin baztertua izan zela bertan, emakumea izateagatik. Adibide bat aipatzearren, gizonek jangela handi eta eroso batean bazkaltzen zuten; emakumeek, ordea, ikasleen jangelan edo lantokitik kanpo bazkaldu behar izaten zuten.

Azkenik, esan behar da, Nobel Sariaren arauak zendutako hautagaiak izatea debekatzen duenez eta Franklin 1958an hil zenez, Nobel Saria Watson-ek, Cricket-ek eta Wilkins-ek jaso zutela, 1962. urtean.

Bukatzeko, esan behar da egia dela Franklin matxismoaren biktima izan zela, bere garaiko beste emakume asko bezala; alabaina, matxismoak ez zuen bere karrera eten, minbiziak baizik. Izan ere, 1956an, lan kontuengatik Estatu Batuetara egin zuen bidaia batean, osasun arazoren bat izan zezakeela susmatzen hasi zen. Urte hartan bertan, ebakuntza baten ostean, esan zioten bi tumore zeuzkala abdomenean. Edonola ere, minbiziaren aurkako tratamendua hartu arren, lanean jarraitu zuen eta artikuluak argitaratzen, heriotzaren egunera bertara arte, 1957.urteko uztailaren 25era arte, 37 urte zituela.

YOLANDA

Maria Sybilla Merian, tximeleten ikerlaria

Maria Sybilla Merian XVII. mendeko naturista eta artista izan zen. Nahiz eta bere gurasoak suediarrak izan, Alemanian jaio zen, Franckfurt-en, hain zuzen ere. Aita argitaratzailea zuenez, beti liburuz inguratuta egon zen. Hiru urte zituela, aita hil egin zitzaion, eta amaren senar berriak, margolaria zenak, margotzeko gogoa piztu zion.

Mariak zaletasun bitxia izan zituen beti: basora lore bila joatea gero etxean margotzeko. Askotan, biltzen zituen loreetan baldarrak topatzen zituenez, intsektu horiei buruzko galderak egiten zizkion bere buruari Mariak. Izan ere, garaiko sineskeriak, Aristotelesen garaitik zetorrenak, zera zioen: tximeletak lokatzetik sortzen dira. Are gehiago, Aristotelesek deabruaren piztiak deitzen zien.

Maria, ordea, ez zetorren bat garaiko sineskeria horiekin; horrela, baldarra izatetik tximeleta izatera pasatzean gertatzen den prozesu osoa ikertzeari ekin eta hainbat kontu aztertu zituen: zer den krisalida, zer-nolako hostoak behar dituzten elikatzeko eta abar. Horretan, egunak eta egunak eman zituen, informazioa biltzen eta irudiak sortzen.

1765. urtean, 28 urte zituelarik, lehenengo liburua argitaratu zuen: “Loreen liburu berria”. Handik bi urtera, bigarrena: “Baldarra, izugarrizko transformazioa eta lore-elikadura bitxia”. Zoritxarrez, ez bata ez bestea ez zeuden latinez idatzita, eta, garai hartan, hizkuntza horretan sortzen ez ziren liburuak ez ziren ia kontuan hartzen. Ondorioz, Mariaren bi liburuei ez zitzaien eduki zuten garrantzia.

1785. urtean, senarrengandik banandu eta Holandako gaztelu batera joan zen bizitzera, komuna luterano batera, hain zuzen ere. Gaztelua, Surinameko gobernatzailearena zen, eta, horregatik, Hego Amerikako intsektuez betetako beira-arasa ugari zeuden bertan. Intsektu bitxi horiek ikusteak Mariaren jakin-min gosetia piztu eta haien habitat naturalean ikusteko gogoa sortu zitzaion. Gainera, pentsatu zuen haiek ikertzea aitzakia perfektua zela, latinez idatzia eta, beraz, garrantzitsua izango zen liburu bat idazteko.

Pentsatu eta egin. Margotzen zituen irudiak salduz eta lortutako beka bati esker, bidaia egin ahal izan zuen, eta, 1699an, 52 urte zituela, alaba gazteenarekin, Surinamerantz abiatu zen. Han, alaba eta biak oihaneko zuhaitzetara igotzen ziren, ahalik eta informazio zehatzena lortzeko asmoz.

Handik urte batzuetara, Holandara itzuli eta, hark sortutako irudiekin eta lortutako informazioarekin, hirugarren liburua argitaratzea lortu zuen. Oraingoan, latinez, nola ez.

VANESSA

ZAHA HADID

Bagdaden, 1950ean jaioa, Beiruteko Unibertsitatean matematikak ikasi zituen aurrena eta Londresera jo zuen gero, Architectural Association-en arkitektura ikasketak egitera. Hainbat unibertsitatetan arkitektura katedratikoa izan zen, eta, 1979an, bere estudioa zabaldu zuenez geroztik, praktika, hezkuntza eta ikerketa uztartu zituen. Dekonstruktibismoaren ordezkari nagusienetakoa bat zen.

Zahak 10 urte bete zituenean, bazekien arkitektoa izan nahi zuela. Oso neska ausarta zen; beraz, arkitektorik onenetariko bat bihurtu zen.

“Bihurgunearen erregina” izendatu zuten, diseinatzen zituen eraikinek bihurgune apurtzaileak zeuzkatelako.

Nortasun handiko emakumea izan zen. Behin, hegazkin bat hartu behar zuen eta, aireratu baino lehen, pilotuak esan zion atzerapen txiki bat zegoela. Zaha haserretu egin zen eta beste hegazkin bat eskatu zuen. Ezinezkoa zela esan bazioten ere, hark bereari eutsi zion. Eta, azkenean, nahi zuena lortu zuen. Horrelakoxea zen bera.

Mugak zeharkatzea gustatzen zitzaion eta besteek ezinezkotzat hartzen zituzten gauzak egitea. Eta, horrela, imajinatu ere ezin zitekeen eraikin mota bat sortu zuen. Baina ez hori bakarrik. Suhiltzaileen zentroak, museoak, kultur etxeak eta abar ere sortu zituen.

Hark bakarrik egin zuen bere bidea, inongo laguntzarik gabe eta inori beldurrik izan gabe. Haren tutoretako batek hauxe esaten zuen: Zaha planeta bat izango balitz bezalakoa da, bere orbita propioarekin. Izan ere, beti argi eduki zuen zer nahi zuen eta lortu arte ez zuen etsi.

Aipatzekoa da arkitekto irakiar hau izan zela lehenengo emakumea “Instituto Real de Arquitectos Britanicos”-ek ematen duen urrezko domina lortzen.

Zaha Hadid 2016ko martxoaren 31n hil zen, 65 urterekin, Miamin (AEBak).

CRIS

2 Comments on “Historiak ahaztutako emakumeak

Utzi erantzuna